Hemeroteka


Compartir
2018-08-14

Asiako bi ilustrazio lehiaketetara lanak aurkezteko aukera

Namiseom irla Hego Korean dago eta ilargi erdiaren forma dauka. Batek baino gehiagok Nami irla –izen laburtuarekin ezaguna da– magikoa dela dio, eta zer edo zer izango da, nazioartean ospe handia duen ilustrazio lehiaketa antolatzen baitute bertan. Nami lehiaketa 2013an jarri zuten martxan, eta ilustratzaileei euren lanak aurkezteko aukera emateko xedeaz gain, album ilustratuen kalitatearen igoera hauspotzeko sortu zuten. Mundu osoko ilustratzaileek parte hartu dezakete lehiaketak hartzen dituen lau kategorietan. Lanak aurkezteko epea zabalik dago abuztuaren 31ra arte.

Aspaldi, kulturarekiko eta, bereziki, haur eta gazte literaturen sustapenarekiko sentsibilitate berezia agertu dute Nami irlan. Unicef, Unesco eta IBBY-rekin elkarlanean aritu izan dira. Hans Christian Andersen Saria, “haur eta gazte literaturaren Nobel Saria”, babesten dute eta, Nami lehiaketaz gain, urtero Nambook jaialdia egiten dute haur eta gazte literaturaren bueltan.

Sei kontinenteetako egileen lanak jasotzen dituzte eta puntako adituek osatutako epaimahaikideek lanen kalitatea, arima, narrazioaren funtsa, interpretazioen aniztasuna, originaltasuna eta ilustrazioen berritasuna aztertzen dute. Milatik gora lan jasotzen dituzte ehun bat herrialde ezberdinetatik. Aurtengoan ere, hartzen dituzten lan guztien artean galbahea pasako dute eta aukeratutako lanek soilik egingo dute aurrera azaroan. Hautatutako lanak 2019ko Nambook jaialdian erakutsiko dituzte, eta haiekin katalogo bat osatuko dute.

Sariak

Lau sari emango dituzte eta saridunen izenak Nami lehiaketaren webgunean iragarriko dituzte datorren urteko urtarrilean.

Sari Nagusi bakarra emango dute eta irabazten duenak oroigarria eta 10.000 Amerikako Estatu Batuetako dolar jasoko ditu. Golden Island (urrezko irla) bi sari emango dituzte, oroigarria eta 5.000 dolar bana jasoko dituzte irabazleek. Green Island (irla berdea) bost sari banatuko dituzte eta irabazleek oroigarriaz gain, 2.000 dolar bana jasoko dituzte. Purple Island (irla purpura) hamar sari emango dituzte eta irabazleek oroigarria nahiz ziurtagiria jasoko dute. Sariez gain, lehenengo hiru kategorietako irabazleak Nambook jaialdiaren irekierara –2019ko urtarrilean– gonbidatuko dituzte bidaiaren gastu guztiak ordainduta.

Oinarri zehatzak, lanak bidaltzeko moduak eta bestelako jakingarri guztiak lehiaketaren webgunean daude.

Golden Pinwheel Young Illustrators 2018

Shangai hiritik dator ilustratzaile gazteei zuzendutako lehiaketa. Lanak aurkezteko epea uztailaren 31n itxiko dute. Lehiaketa orain hiru urte jarri zuten martxan, eta Txinan zein nazioartean nabarmentzen diren ilustratzaile gazteen lanak saritzen ditu. Jasotzen dituzten lan guztien artean 50 aukeratuko ditu epaimahaiak, eta horiekin guztiekin Urrezko Urtekaria osatuko dute, haiekin Haur Liburuaren Azokaren barruan erakusketa bat osatuko dute ere bai –erakusketa hori azaroaren 9tik 11ra egingo dute–.

Guztira bost sari emango dituzte. Lehenengo saria, Txinako egileentzat, 2019ko Boloniako Haur eta Gazte Literatura Azokara joateko gonbidapena, gastu guztiak barne, izango da, garaikurrarekin eta ziurtagiriarekin batera. Nazioarteko egileentzat lehenengo sari bat ere egongo da, eta hura Shangaiko azokara gonbidatuko dute, gastu guztiak barne; garaikurra eta ziurtagiria ere jasoko ditu. Hiru aipamen berezi banatuko dituzte. Editoreek emandako sari bat emango dute eta irabazleak kontratu bat izango du haur liburu bat ilustratzeko.

Lanak uztailaren 31 baino lehenago bidali behar dira. Lehenengo hautaketa abuztuaren 1etik 21era egingo dute. Irailaren 13an iragarriko dute hautatuen zerrenda eta irabazleen izenak azaroaren 9an jakinaraziko dituzte, hain zuzen, Shangaiko haur eta gazte literaturako azoka irekitzen duten egunean.

Oinarriak hemen.