Hemeroteka


Compartir
2018-09-10

Aretoa beteta, Ibon Egañak Atenaseko IBBYren Biltzarrean egindako aurkezpenean

“Otherness, gender and violence in Basque narrative fiction for young people” (Bestetasuna, generoa eta indarkeria gazteei zuzendutako fikziozko euskal narratiban) izan zen Galtzagorri elkarteko Ibon Egaña literatur kritikari eta unibertsitateko irakasleak abuztuaren 31n egin zuen aurkezpenaren izenburua. 30 bat lagunek entzun ahal izan zuten aurkezpena. Egun berean jaso zuen Harkaitz Canok IBBYren Ohorezko Zerrendako diploma. Izan ere, 2018ko IBBYren Ohorezko zerrendako Idazleen sailerako hautatua izan zen “Zer demontre dago aulkien azpian?” (Pamiela). Zerrenda bererako, itzultzaileen sailean, hautatua izan zen baita ere Juan Kruz Igerabidek itzulitako “Oz-eko azti harrigarria” (Denonartean). Cano zein Egaña Etxepare Euskal Institutuak eta Galtzagorri elkarteak duten hitzarmenari esker izan dira Atenasen.

Abuztuaren 30etik irailaren 1era egin dute Atenasen IBBYren 36. Biltzarra: Where the East meets the West (Mendebaldeak Ekialdearekin bat egiten duen lekua) titulupean, hitzaldiak, aurkezpenak, bilkurak, mahai-inguruak burutu dira Atenasen (Grezia).

Abuztuaren 31n bertan egin zuen aurkezpena Ibon Egañak. Irudian ikusten den moduan, aretoa bete bete zegoen haren hitzak entzuteko. Bere aurkezpenean, Ibon Egañak Euskarazko gazte literaturan narratiba-fikzioek indarkeria politikoa eta terrorismoa irudikatu duten modua aurkeztu du. Izan ere, azken harmakadetan indarkeria politikoa euskal fikzioan orokorrean gai garrantzitsu bihurtu den arren, ez da hala izan gazteentzako literaturan. Oso gutxitan landu da gaia eta esan liteke tabua ere bihurtu dela. Komunikazio honetan tabu hori hautsi eta indarkeria politikoa zuzenean islatzen duten euskarazko gazte literaturako narrazio lan urriak aipatu zituen. Besteak beste, Patxi Zubizarretaren “Pikolo” eta Xabier Mendigurenen “Txakurraren alaba”.

 Cano, IBBY Ohorezko Zerrendako diploma jasotzera

Abuztuaren 31n, jaso zuen Harkaitz Canok IBBYren Ohorezko Zerrendako diploma. Ez da zerrenda honetarako hautatua izan den bere lehen lana, baina lehen aldiz bertaratu ahal izan da Cano IBBYren Biltzar batera, zerrenda honetarako hautatuak izateagatik IBBYk sortzaileei ematen dien diploma jasotzera. Mundu guztiko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileekin egoteko aukera izan zuen Canok beraz, baita beraiekin bazkaltzeko ere. Antolatzaileek esan dutenez, aurreko biltzarretan baino askoz egile gehiagok izan dute bertaratzeko aukera.

 Euskarazko lanak hiru erakusketetan

Erakusketen artean, 2018ko IBBYren Ohorezko zerrendan hautatuko lanen erakusketa bat paratu dute Biltzarrean. Bertan ziren beraz, Canok idatzi zein Igerabidek itzulitako lanak. Bestalde, Andersen Sarirako hautagaien lanak ere ikusgai zeuden. Eta hautagai horien artean, Galtzagorriren ekimenez OEPLIk aurkeztu zuen Elena Odriozola ilustratzailearen txostena eta liburu bat ikusgai.

Lampedusako Silent Books erakusketa ere paratu dute 36. Biltzarrean. Ikusgai zeuden liburuen artean Eider Eibarren “Barrukoa” (Edo!) zegoen, hautatua izan zelako Silent Books album mutuen erakusketaren azken ediziorako.

Aurtengoa IBBY erakundeak antolatzen duen 36. kongresua izan da. Bi urtean behin egiten dute, beti ere, haurtzaroaren eta liburuen arteko loturak sendotzeko xedearekin. Kongresuok grina hori bera duten elkarteen, eragileen, idazleen, ilustratzaileen eta adituen topaketa baliatzen dute, eta hori guztia nazioartera zabalduta zeren bertan mundu osoko pertsonak elkartzen baitira.

Mendebaldea eta Ekialdea elkartzen diren tokiaren leloa aukeratu dute 2018ko kongresurako, eta biltzarrean haur eta gazte literaturaren esparruan kulturarteko topaketari gorazarre egin diote.