Hemeroteka


Compartir
2007-11-06

Areto literarioak martxan

2001. urtean ekin zion Galtzagorrik areto literarioak sortzeari. Ordutik, urtero gai ezberdin bati lotutako aretoak sortu ditu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzarekin. Ondoren Gipuzkoako herrietako liburutegietatik bidaiatzen dute areto berriek Gipuzkoako Aldundiaren babespean.

Gaur egun, 6 areto ditu Galtzagorrik funtzionamenduan, bakoitzak osagai bereziak eta gai konkretu bat lantzen dituelarik. Ikasturte honetan Animaliek hizketan zekiten garaian izeneko aretoak Gipuzkoan bidaiatzen jarraituko du. Lehenengo geldiunea Zarautzeko liburutegian egingo du. Bertan izango da urriaren 29tik azaroaren 9a arte. Hil honen 12an berriz Arrasateko Haur Liburutegira joango da eta han egongo da 16ra bitarte. Ondoren, 2008ko apirilean Donostian ikusi ahal izango da hilabete osoan zehar. Lehenengo hamabostaldian Ernest Lluch Kultur Etxean. Eta bigarrenean, Egiako Kultur Etxean.

Animaliek hizketan zekiten garaian aretoak alegiak ditu ardatz. Literatur tradizioan betidanik animaliak erabili izan dira giza sentimenduak aztertu, aurkeztu eta jarrera ereduak eskaintzeko. Haurrek gainera animaliengan islatzen dituzte sarri beren sentimenduak. Areto honetan kontatzen diren alegiak berriak dira eta propio asmatu dira areto hau eraikitzeko. Literaturan aditu den dinamizatzaile batek eskainiko ditu saio gidatuak haurrentzat, alegiak oinarri hartuta, jolas literario ezberdinak proposatuz. Aretoak lau alegia berriz osatutako ikus-entzunezko materiala ere badakar berarekin.

 

Besteak 

Aurten ikusi ahal izango den beste aretoa Adur, Adur ez naiz zure beldur da.

Beldurraren inguruko jolas literario honek sukalde bat du eszenatoki. Hain zuzen, Jonas eta Hozkailu beldurtian, Juan Kruz Igerabideren liburuan, agertzen den sukaldea. Sukaldeko elektrotresna bakoitzean dinamika ezberdinak burutzen direlarik. Areto honek ere Jonas protagonista duen ikus-entzunezko originala dakar. Agurainen ikusgai izango da abenduaren 17tik 21era.

 

Egun hauetan ari dira Haur Poesia aretoaz gozatzen Arrigorriagan. Hil honen 26ra arte egongo da bertako liburutegian. Ondoren, 2008ko otsaila eta martxoa bitartean Galdakaoko Liburutegian ikusi ahal izango da. Haur Poesia Aretoak baso bat du eszenatoki. Baso honetako zuhaitz bakoitzean poesia lantzeko jolas ezberdinak egingo dituzte haurrek.

 

 

Azkenik, aurtengo urtea amaitu aurretik eta Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, iaz Bizkaiko bederatzi herri eta Mankomunitate batean arrakastaz sortu eta estreinatu zen Letren Leihotik aretoa izango da ikusgai. Abenduaren 26tik 28ra, Gabonetako opor egunetan beraz, bi saio eskainiko ditu goizero Itziar Zubizarreta ipuin kontalari eta idazleak. Letren Leihotik aretoan elkarrekintzako jolasak burutzen dituzte haurrek, hala nola, ipuinak entzun, aho-korapiloak errepikatu, olerkiak osatu, igarkizunak asmatu, elkarrizketak antzeztu…

Aretoei buruz informazio gehiago nahi duenak atari honetako Aretoak izeneko atalera sartzea besterik ez du. Eta informazio zabalagoa nahi izanez gero, eskaera bideratu dezake bertatik.