Orain urte batzuk Klis-Klasikoak bildumaren barruan sortutako APP bilduma eguneratu dugu Android sisteman (Maria Goikoak batbirulau! App-a, Txan fantasma App-a eta Amattoren uzta App-a).
Galtzagorrik sortutako aplikazio digitalen bilduman, Mayi Ariztiaren Amattoren uzta oinarri hartzen duen aplikazioa dago. Ariztiari buruzko artikulu interesgarria idatzi zuen Ainize Madariagak BERRIA egunkarian idazle lapurtarra zendu zela ehun urte bete zirenean. Galtzagorrik, Pamiela argitaletxeak eta Kiribil konpainiak antolatu ohi duten Ikusi Mikusi haur- eta gazte-literatura azokaren bueltan omenaldia egin zioten Ariztiari.
Gurean aski ezaguna ez den folklorista «bide urratzailea» izan zela esan zuten omenaldi hartan. Besteak beste, ahozkotasuna idatziz jaso zuen. Hain justu, Amattoren uzta (1934) bere obraren aitzinsolasean Ariztiak berak dioenez, «oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, choratuak, ichtorio aditzen, etcheko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ichtoria zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz». Eta ez dira ahaztu eta, neurri batean, Galtzagorri elkarteak jarri du bere alea, fikzio digitala bihurtuta gainera. Jakin-mina piztu bazaizue hemen deskargatu dezakezue Amattoren uzta bertsio digitalean, deskargatu, jolastu eta fikzioa bizi!