Hemeroteka

2022-03-25

Apirilean hitzik gabeko albumez eta albumekin arituko gara Ignacio Aldecoa kultura etxean

Galtzagorrin jakin-minez betetzen gaituzte hitzik gabeko albumek, eta IBBYk erakusketa bat zuenez, eta OEPLIk haren gaineko eskubideak lortu zituenez, album mutuei buruzko erakusketa Gasteizera ekartzeko aukera izan dugu. Haiei esker eta hemengo Ignacio Aldecoa kultura etxeari esker. Ez da bakarrik erakusketa izango, zerrendak eskura egongo dira. Gainera, IBBYk egindakoari euskarazko argitalpenak gehitu dizkio Galtzagorrik.  Erakusketa eta zerrendak –edo zer dagoen jakin non aukeratu jakiteko–, hitzik gabeko albumei eskainiko diogun programa batekin osatu dugu. Ekintza guztiak Ignacio Aldecoa kultura etxean egingo ditugu. 

Honezkero izena eman daiteke hemen: ccinfantil@araba.eus.

Hasteko, apirilaren 4an, astelehena, 18:00etan, Mikel Ayerbe EHUko literatura irakaslearen eskutik begiratu bat emango diogu hitzik gabeko albumen narratibari. Nola erakutsi albumok haurrei eta gazteei? 

Apirilaren 7an, osteguna, 18:00etan, Eider Eibarrek Ez dakit marrazten (Elkar, 2021) albumaren kontaketa egingo du, eta haurrekin marrazkiak egingo ditu bertatik bertara.  

Apirilaren 9an, 11:30ean, Iñaki Martiarena Mattin-ek tailerra egingo du 9 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Klak (Zortziko, 2020) liburua landuko dute. Parte-hartzaile bakoitzak hiru bineta sortuko ditu liburuan agertzen den bat hartu, eta handik abiatuta. 

Apirilaren 21ean, 18:00etan, Maite Mutuberriak Lohia (Pepitas de calabaza, 2018) albumaren sormen-prozesua azalduko du eta irudiak irakurri daitezkeela erakutsiko du, baita minaren eta ezinegonaren hausnarketa egiteko bidea eman dezaketela ere. 

Erakusketa ez den beste ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da (gorago dagoen helbidean). HItzik gabeko album ilustratuek gehiago jakiteko gogoa pizten badizuete, eskuartean eduki eta haurren eta gazteen eskuetara eramateko gogoa sortzen badizuete, ez galdu erakusketa, zerrendak eta ekintzaren bat edo guztiak. Gasteizen izango da, apirilaren lehenengo hiru asteetan, Ignacio Aldecoa kultur etxean.