Hemeroteka


Compartir
2013-10-15

Antton Olariagaren erakusketa inauguratu dute

Irailaren 17tik abenduaren 15era Antton Olariagaren ilustrazio eta objektuek beteko dute Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoa. Bertan Antton Olariagaren ilsutrazioak euskarri desberdinetan ikus daitezke, baita lan horietarako erabiltzen dituen materialak ere. Horrez gain, erakusketa honetarako sortu duten bideoa ere ikus daiteke; Joserra Gartziak Olariagari eginiko elkarrizketa goxo eta interesgarria.

Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin elkarlanean sortutako txoko honek laugarren ilustratzaileari egin dio leku Olariagaren erakusketarekin. Aurretik, Iban Barrenetxea, Eider Eibar eta Elena Odriozolak bete dute Aiete Kultur Etxeko "armairua" edo bitxitegia.

Antton Olariaga 1946. urtean jaio zen Usurbilen. Bere komiki lanagatik ezagun egin den arren, gaur egungo haurren euskal liburugintzaren ilustrazioa eta diseinua ezin uler daiteke bera gabe. Olariagak egunero argitaratzen du komiki tira bat Berria egunkarian (lehen Euskaldunon Egunkarian). Haurrentzako Ipurbeltz komiki aldizkariaren sortzaileetariko bat da. Euskal Haur eta Gazte Literaturan hainbat lan ditu ilustratuak, baita euskal literaturgintzako hainbat liburu diseinatu eta maketatuak ere. Besteak beste, Ilustrazio Euskadi Saria, Argia Saria eta Dabilen Elea saria irabazi ditu.

Euskadi Irratiko "Arratsean" saioan Nekane Peñagarikanok Antton Olariagari egindako elkarrizketa duzue hemen entzungai:

 

Hemen duzue erakusketan ikus daitekeen bideoa. Joserra Gartziak Antton Olariagari egindako elkarrizketa.

Ilustratzailearen Txokoa: Antton Olariaga from Donostia Kultura on Vimeo.