Donostiako San Telmo Museoan 35 bat lagun elkartu ginen Anna Juan Cantavella haur-literaturan adituarekin Bukatzen ez den soka, bitartekaritza eta aukeraketa ardatz dituen tailerra egiteko. Kanpoan haizea, euria eta kazkabarra, barruan liburu sorta ederra mahai gainean eta galdera-markak airean. Juan Cantavellak galderak egin zituen eta parte hartu zutenek emandako erantzunen bitartez harilkatu zuen zortzi orduko saioa. Izan ere, eraikitakoa deseraikitzea izan zen adituaren estrategiarik behinena.
Parte-hartzaileak bitartekariak izan ziren neurri handi batean –liburuzainak, kontalariak, editoreak, maisu-maistrak eta haur- eta gazte-literaturaren inguruan bestelako jardunetan ari direnak–. Haiek osatu zuten obaloaren barruan hiru mahai zeuden non Anna Juan Cantavellak aukeratutako album ilustratu ugari zegoen. Ariketak, eguneroko jardunari buruzko hausnarketa partekatuak, adituaren esaldi inspiratzaileak eta batez ere galderak izan ziren saioaren ardatza.
Esate baterako, nor hezi behar da haurra ala harekin datorren heldua? Ez al dira 0-5 urteko haurrak irakurleen artean irakurleenak une oro irudi bidez zentzua eraikitzen ari direlako? Ez al da adin tarteen ezarpena zentsura mota bat? Izan ere, liburuaren adin ezarpena adinari lotuta baino, ez al dago norberaren kultur ibilbideari lotuta? Zertarako balio du arteak, balioetan hezteko edo bizitzaren enigmetan esploratzeko? Imajina une batez haurren liburutegien eran antolatutako helduen liburutegi bat, adin tarteen banaketa nahikoa grafikoa da, hona: 40 urteko andreei zuzendutako liburuak ezkerreko apalategian, 60 urteko gizonezkoei zuzendutakoak, eskuinekoan.
Anna Juan Cantavellak ekarritako zenbait galderen adibideak baino ez dira, erantzun askorik ez genuen eman, baina hausnarrean ibili ginen nork bere jarduna hobetzeko bideak urratzen.