Hemeroteka


Compartir
2011-07-02

Andersen Sarietako hautagaien zerrenda plazaratu du IBBYk

2010ean hasi zen IBBY Andersen Sarietako azken bost finalisten zerrenda ematen. Aurten, lehenengo aldiz, aurkeztu diren hautagai guztien zerrenda egin dute publiko.

Zinez interesgarria da zerrenda hau ezagutzera ematea, izan ere, mundu mailako IBBYren 33 atalen hautagaiak ematen dituzte ezagutzera. Kontuan hartu behar da Andersen Sariak bizirik dagoen autore edota ilustratzaile batek bizi osoan egindako lanak Haur Literaturan izan duen eragina goraipatzen duela. Beraz, guztiak dira erreferentziazko autore eta ilustratzaileak.

2012ko Hans Christian Andersen Sarietarako guztira 28 autore eta 31 ilustratzaileren hautagaitzak aurkeztu dira. Hemen duzue zerrenda osoa ikusgai.

 

Andersen Sari handiak

Andersen Sariak Haur Literaturako Nobel Sariak direla esan ohi da. Eta ez da gutxiagorako. Egileei dagokien saria 1956an eman zen lehenengo aldiz. ilustratzaileena berriz, 1966an. Bi urtean behin ematen diren sari hauek bizirik dagoen egile edo ilustratzaile bati ematen zaizkio eta saritzen dena bere obra guztia da.

2010ean Britainia Handiko David Almond idazleak eta Alemaniako Jutta Bauerrek jaso zuten saria. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, gogorarazteak merezi du eta 2008ko zerrendan Mariasun Landa Espainiako Estatuko hautagai izan zela aipatu behar dugu.

Bernardo Atxaga da Espainiako Estatuaren izenean hautagaia izan den beste euskal idazle bakarra, eta hau 2000. urtean izan zen. Ilustratzaileetan, Asun Balzola izan zen hautagai bi aldiz, 1988 eta 1992an.