Hemeroteka

2019-01-01

Amattoren uzta App-aren bigarren bertsioa sortu du Galtzagorri elkarteak

Amattoren Uzta app-a osatu eta berritu du Galtzagorri elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin. 2017an jaio zen transmedia kontakizunez osatutako app berritzaile hau. “Amattoren Uzta” (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburuan bildutako 15 istorio tradizionaletako hiru bihurtu zituen ipuin nabigagarri Galtzagorri elkarteak hastapenean; 2018an zehar, beste bi istoriori bizia eman die. Sortu berri dituen bi jolasak egun gaztetxoen artean bogan dauden jolasak dira: guda desafioa eta beldurrezko abentura grafikoa. Lehendabizikoan emakume soldadu baten lekua hartuko dute gazte erabiltzaileek eta guda zelaiaren erdian aurrera egiten lagundu behar diote. Izerdia bota beharko dute horretarako. Bestean, jauregi batean lekututako beldurrezko istorio grafiko bat biziko dute, pausoz pauso euren beldurrei aurre egin, frogei erantzunak aurkitzeko buruari eragin eta altxorra topatu arte.

Azken finean, joko eta desafioak, abentura grafikoak, errealitate birtuala, 360ºko esperientziak, ilustrazio animatuak, interaktibitatea, musika… osagai horiek guztiak uztartzen ditu app honek, irakurle gaztetxoari esperientzia berri bat eskaintzeko. Gainera, jolasten duen bitartean, istorio tradizionalak entzuteko parada izango du irakurleak.

Supazterretik su egitera

“Amattoren Uzta” euskarazko haur literaturako obra klasikoaren app-a da Amattoren Uzta App-a. Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak 1934an argitaratu ziren lehendabizikoz. XXI. Mendean, Galtzagorri elkartearen Klik-Klasikoak proiektuari esker, Patxi Zubizarretak gaurkotu eta egokitu zituen eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak ilustratu.

Orain bizi berri bat eman die Galtzagorri elkarteak app honetan: Euskal ahozko literaturako istorio hauekin unibertso transmediara jauzi egiteko aukera eskaintzen baitu app-ak. Irakurle gaztetxoari istorio hauetara sartu eta hauek entzun, ikusi, ukitu, animatu eta bertan parte hartzeko parada eskaintzen dio Galtzagorrik sortu duen aplikazioak: irakurleari bere istorio propioak bizitzeko aukera eskaintzen dio, beraz. Supazterrean kontatzen ziren ipuin horietatik abiatuz, guda zelaian su egiteko aukera eta jauregi beldurgarri batean sua pizteko parada izango du interaktuatzaile gazteak app honetan.

"Amattoren Uzta app”an Patxi Zubizarreta izan da gidoigile eta Maite Gurrutxagak ilustratu ditu honen animazioak, eszenak eta pertsonaiak istorio horiei interaktibitatea eta animazioa emateko. Joserra Senperenak sortu die musika, Amaia Hennebutek Patxi Zubizarretarekin batera ahotsa jarri die. Eta Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.

 

Klis-klasikoak app bilduma

Galtzagorri elkarteak Klis-klasikoak liburu-bildumaren app-bilduma abiatu zuen 2014an Maria Goikoak batbirulau! aplikazioa sortzearekin batera. Harrera ezin hobea izan zuen; Gipuzkoa App’s 2015 Lehiaketako sari nagusia ere irabazi zuen 2015ean. Proiektu honekin aurrera jarraitzeko, bigarren aplikazio multiplataforma gauzatu zuen elkarteak 2016an: Txan fantasma liburuan oinarritutako aplikazio multiplataforma, hain zuzen. 2017an abiatutako Amattoren Uzta App-aren bigarren bertsioa bukatu berri du 2018an. Bigarren bertsioari esker, orotara, liburuak jasotzen dituen euskarazko ahozko literaturako 15 istorioetatik 5 istorio nabigagarri bihurtu ditu. Hauexek: “Hartz-kumeren istorioa”ren abentura grafikoa, “Gameluaren istorioa”ren 360 graduko esperientzia, “Arttoren istorioa”ren ipuin interaktiboa, “Ama-alaba batzuen istorioa”ren guda desafioa eta “Itsasuar baten istorioa”ren beldurrezko abentura.

Papera eta pantaila

Amattoren Uzta appan liburuko 5 istorioei eman die bizi berria. Baina besterik irakurri nahi duenak, liburuan aurkituko ditu beste 10 ipuin tradizional. Beraz, app-ak libururako sarbidea izateko helburua ere badu: irakurlea liburura erakarriko du; eta alderantziz.

 

 

 

Horregatik, Amattoren Uzta appaz gozatzeko liburua eskuratzea gomendatzen du Galtzagorrik, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan. Ondoren, irakurle eta nabigatzaileak nahikoa izango du internet bidez Galtzagorri elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duen Amattoren uzta apparen ikonoan klikatzea edota mugikorra erabiliz liburuaren xingolan topatuko duen QRari argazki bat ateratzea. Zehazki, helbide honetan: https://www.galtzagorri.eus/euskara/klis-klasikoak/appak. Gainera, Amattoren Uzta App-a Android eta Ios-en eskuratu daiteke jada.