"Amattoren Uzta" liburuan Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berri hau sortzerakoan. Horiek guztiak 1934an argitaratu zituen Ariztiak lehendabizi Baionan Gure herria aldizkariaren gehigarri gisa, eta, ondoren, 1982an, Elkar argitaletxearekin. XXI. Mendean, Galtzagorri Elkarteko Klik-Klasikoak proiektuari esker, Patxi Zubizarretak gaurkotu eta egokitu zituen eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak ilustratu.
"Amattoren Uzta app”an Patxi Zubizarreta izan da gidoigile eta Maite Gurrutxagak ilustratu ditu honen animazioak, eszenak eta pertsonaiak istorio horiei interaktibitatea eta animazioa emateko asmoz. Joserra Senperenak sortu die musika, Amaia Hennebutek Patxi Zubizarretarekin batera ahotsa jarri die. Eta Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.
Tradizioa eta modernitatea
Egitasmo honek Euskarazko Haur eta Gazte Literatura du ardatz eta oinarri; klasiko unibertsalak eta euskarazko literaturako obra kanonikoak biltzen dituen Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoak liburu-bildumaren app-bilduma sortu genuen 2014an. App-bilduma hori “Maria Goikoak batbirulau!” aplikazioarekin batera jarri genuen martxan eta harrera ezin hobea izan zuen; Gipuzkoa App’s 2015 Lehiaketako sari nagusia ere irabazi zuen 2015ean.
Proiektu honekin aurrera jarraitzeko, bigarren aplikazio multiplataforma gauzatu genuen 2016an: “Txan fantasma” liburuan oinarritutako aplikazio multiplataforma, hain zuzen. 2017an, egitasmo honi jarraipena emateko xedez, “Amattoren Uzta” izeneko ipuin bilduman oinarritutako app berritzaile bat prestatzeari ekin genion.
Dagoeneko Apple storen eta Google playn deskargatu daitekeen app honetan, liburu horretan biltzen diren ipuin tradizionaletan oinarritutako transmedia kontakizunak eta jolasak sortu ditugu. Abentura grafikoa sortu dugu “Hartz-kumeren istorioa”rekin; 360 graduko esperientzia “Gameluaren istorioa”rekin eta ipuin interaktiboa “Arttoren istorioa”n oinarrituta. Guztia gainera berariaz sortutako musikaz lagundurik.
APP-a 8-12 urte bitarteko haurrentzat sortu da. Baina helduagoek eta helduek ere gustura ibiliko dutela uste izatekoa da. Izan ere, gazte zein heldu, liburuko istorioak bizitzeko modu berri bat eskaini nahi diogu app berriarekin entzule eta irakurleari, egungo interaktuatzaileari. Adibidez, “Gameluaren istorioa”n errealitate birtuala lortzeko Google Cardboard tresna erabili da. Tablet eta ordenagailuan ere bizi daitekeen arren, esperientzia liluragarriagoa izateko, kartoizko edo plastikozko betaurreko batzuk eskuratu eta sakeleko telefonoa bertan sartzea gomendatzen da irakurle edo nabigatzaileak leku eta objektu horien artean dagoela senti dezan.
Klis-klasikoak APP bildumaren baitan, “Amattoren Uzta app”ak pauso bat gehiago ematea ekarri du: izan ere, XX. mende hasieran Ipar Euskal Herriko baserrietan ahoz kontatu eta mende horren erdialdetik aurrera paperera jasotako ipuin tradizionalak dira app honetan entzun eta dibertitzeko aukera eskainiko digutenak. XX. mendean ipuin horiek paperera pasatzea izan zen berritzailea, bestela galdu egingo zirelako beldurrez jaso zituen Mayi Ariztiak; orain, beste pauso hau eman du Galtzagorrik, kontakizun transmedia bihurtzen ari da istorio bikain hauek, eta hala bizi berri bat emango die, erakutsiz euskarazko istorio tradizionalekin jolas erabat berritzaile eta modernoak egin daitezkeela: ipuinak su ondoan kontatzen ziren bezala, su bazterrean euskaraz app berritzaileenekin ere ondo pasa daitekeela.
Gainera, Maria Goikoak batbirulau! app-an eta Txan fantasma app-an bezalaxe, Amattoren Uztan app-an ez dugu papera baztertuko: izan ere, “Amattoren Uzta app”aren lehenengo bertsio honetan liburuko hiru ipuini eman diogu bizi berria; baina besteak irakurri nahi dituenak, liburura jo beharko du. Beraz, app-ak libururako sarbidea izateko helburua ere badu: irakurlea liburura erakarriko du; eta alderantziz.
Horregatik, “Amattoren Uzta app”az gozatzeko liburua eskuratzea gomendatzen dugu, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan. Ondoren, irakurle eta nabigatzaileak nahikoa izango du internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duen “Amattoren uzta app”aren ikonoan klikatzea. Zehazki, helbide honetan: https://www.galtzagorri.eus/euskara/klis-klasikoak/appak
Bertan, Android eta iOS sistemetarako ikono bana aurkituko du. Hortik, zuzenean Google Play edo Apple Store-ra helduko da, eta bertatik dohainik deskargatu ahal izango du aplikazioa mugikorrera, tabletara edota ordenagailura.
Amattoren uzta app”arekin Haur eta Gazte Literaturako euskarazko obra kanoniko baten aplikazio multiplataforma sortzea izan da Galtzagorri Elkartearen helburua; papereko liburuari entretenimendurako eta aisialdirako aukera berriak eskainiz euskarri digitalen bidez (mugikorra, tableta eta ordenagailua). Modu horretan, euskara eta euskarazko irakurzaletasuna entretenimenduarekin uztartuta sustatuko duen aplikazio berri eta berritzailea sortu nahi izan dugu.
App berriari lotutako euskarazko lehen transmedia irakurketa kluba
Orona Fundazioak eta Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak elkarlanean “KlisKlasIK” euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa kluba jarriko dute martxan datorren uztailean. Liburua, ahotsa eta marrazteko tresnak batetik eta tablet, ordenagailu eta sakeleko telefonoak bestetik, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako euskaraz eta euskarazko haur literatura oinarri hartuta egingo den lehendabiziko transmedia kluba izango da. Uztailaren 10, 11 eta 12an, goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte gauzatuko da Orona Fundazioaren eraikinean Orona Ideon (Hernaniko Galarretan).
Transmedia irakurketa klub honek jaio berri den “Amattoren Uzta App”a izango du oinarri. Baita app horrek abiapuntu duen “Amattoren Uzta” (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburua ere.
Lehen aldiz euskaraz eta euskal haur literaturari lotuta egingo den transmedia Irakurketa Klub honen gidariak “Amattoren Uzta App”aren sortzaileak izango dira: Patxi Zubizarreta idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Oreka Interactive S.L. enpresako kideak. Hortaz, Euskal Haur eta Gazte Literaturan zein bideojoko eta app-en esparruan ibilbide handikoak diren profesionalek dinamizatuko dituzte klub honen hiru saioak. Euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa klub honetan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete. Gehienez ere, 15 kide onartuko dira eta parte-hartzea, izen emate ordenaren araberakoa izango da. Klubaren matrikula prezioa, 60 eurokoa da, haur bakoitzeko. Klubetan izena emateko epea zabalik dago oraindik, ekainaren 22ra arte. Horretarako, www.galtzagorri.eus helbidean dagoen formularioa bete behar da.