Hemeroteka


Compartir
2020-10-26

Amaitu dira MarraziOak

Aurtengo 12. MarraziOak tailerrari amaiera eman genion aurreko ostiralean. Zotzak biltzen. Ahozko tradizioko kantak eta poesia ilustratuz titulua jarri genion tailerrari; izan ere, tradizioaren bueltan dantzan jarri nahi genituen ilustratzaileen ideiak, pintzelak eta margoak. Juan Kruz Igerabide idazleak ekarri zigun titulua eta bere jakintza ekarri du tailerrera. Maite Gurrutxagarena izan da ilustratzaile-begirada eta ilustratzaileak lanean gidatzeko trebezia. Bien artean aritu dira 12. MarraziOetan. Aitziber Alonso Galtzagorriko kidea izan dute bidelagun aste osoan zehar.

Igeldoko Undermount elkartean sartu ginen aurreko ostiralean eta bertan lanean ari ziren ilustratzaileen eta gidarien artean sortutako giro ona bistakoa zen, ukitu ahal zen kasik. Igerabidek egunero, jardunari hasiera emateko, tradizioak gordetzen dituen altxorren berri eman zien, ipuinak kontatu eta kantatu ere bai, seguruen. Parte-hartzaileek pieza ezagunak zein ezezagunak haren ahotik entzutea «zoragarria» izan dela zioten, ahozko tradizioaren altxorrari beste tonu, aukera eta ñabardurak aurkitzeko parada izan dutela. Goizei segida eman diete Maite Gurrutxagak proposatutako ilustrazio-ariketekin eta arratsaldeetan bakoitzak aukeratutako tradiziozko piezaren ilustrazio-aukerak esploratu eta landu ditu.

Tailerrak euskal ahozko tradizioan urpekariarena egiteko aukera eman die ilustratzaileei Juan Kruz Igerabideren eskutik, esku hobeagorik ez da. Maite Gurrutxagaren begirada finak eta proposamenek ilustratzaileei norberaren konfort-zonatik ateratzen lagundu die; adibidez, zuri-beltzeko marrak margotzeko ohitura zuenak koloretan eta hamaika formatan aritu da. Parte-hartzaileetako batek zioen bezala, «bi gidariak bat gehi bat izan dira eta bi aldi berean».

MarraziOek, gainera, ilustratzaileei –gidariei ere bai– elkarrekin egoteko aukera eman die, elkar ezagutzeko eta lan egiteko moduak eta jakintzak  partekatzeko aukera ere bai. Gidariek eta ilustratzaileek eskuzabal jokatu dute eta hori ere sumatzen zen Undermounteko giroan.

Azken egunean bakoitzak ondutako proiektuaren lagina erakutsi zuen. Bakoitzak aukeratutako piezaren zirriborro ilustratuak erakutsi zituzten, eta, jarraian ikusita, denekin euskal tradizioaren balizko bilduma ilustratua ikusi genuen.  

Irudipena daukagu aurtengoan MarraziOak tailerraren bost egunak labur geratu zaizkiela gidariei eta ilustratzaileei. 

Hurrengo urtean gehiago!