Hemeroteka


Compartir
2016-03-08

Album ilustratuei buruzko ikastaroan parte hartzeko azken aukera

Asun Agiriano eta Mikel Ayerbe adituen eskutik album ilustratuei buruzko formazio saioa jasotzeko aukera eskaintzen du Galtzagorri Elkarteak. Saioaren helburua lehen irakurleentzat album ilustratuen analisi egoki bat egiteko oinarrizko orientabideak aurkeztea izango da. Martxoaren 12an izango da formazio saioa 10:00etatik 13:00etara, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. 10 leku baino ez dira geratzen libre. Izen-ematea martxoaren 4an amaituko da.

Galtzagorri Elkartearen Irakurketa Mintegiko formazio osagarriaren parte da saio hau. Orain arte Irakurketa Mintegiko formazio saioak bertan parte hartzen dutenei zuzendutakoak izan dira, baina hemendik aurrera interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Hala ere, lekuak mugatuak dira: guztira 35 lagunentzako lekua dago eta eta, dagoeneko 10 baino ez dira geratzen. Izen-ematearen arabera osatuko da taldea.

Izena emateko bete behean atxikita duzun orria eta bidali Galtzagorri Elkarteko helbide honetara: administrazioa@galtzagorri.eus edo deitu 943 471487 telefonora.

Tarifak:

- Irakurketa Mintegiko kideek: dohainik.

- Galtzagorri Elkarteko bazkideek: 30 euro.

- Bazkide ez direnek: 50 euro.

Honako gaiak landuko dira:

- Album ilustratuaren kontzeptua eta ezaugarriak

- Album ilustratuen bilakaera gurean

- Album ilustratuen azpigeneroak eta berezitasunak: hitzik gabeko albumak; formatu bereziko albumak; helduentzako albumak...

Hizlariak:

Asun Agiriano (Arrasate, 1963): Filosofian lizentziatua, 1991tik Arrasateko udal liburutegian irakurketa sustatzen eta bibliotekari lanetan dabil. Haur eta gazte liburuen munduan eta Galtzagorri Elkartearen sorreran ibilbide luze eta oparoa egina da. Liburu-gida gomendagarrien zerrendak egitea du gustuko eta literatura-solasaldietan parte hartzea da atsegin duen kontua, baita nazioarteko haur liburuen azoketara bidaiatzea ere. Egun, Gara egunkarian haur eta gazte literatura kritikaria da, eta, berriki, Mikel Ayerbe eta Jone Arroitajauregirekin batera, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 10 liburuz osatutako katalogoa argitara eman du (10 books from Basque Literature for Children and Young People. Etxepare Euskal Institutua, 2014).

Mikel Ayerbe (Azpeitia, 1980): Literatur Teorian eta Literatura Konparatuan (UB) eta Euskal Filologian (EHU) lizentziatua da, eta, egun, Gasteizko Letren Fakultatean dihardu euskal literaturako eskolak ematen. Gerra Zibilaren eta egungo gatazka sozio-politikoen inguruko ipuinak biltzen dituen Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts (CBS, 2012) apailatu du eta Euskal Narratiba Garaikidea: Katalogo bat (Etxepare Euskal Institutua, 2012) liburuaren egilea ere bada. Berria egunkarian literatura kritikari lanetan aritua eta Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ere hainbat lan eginikoa da.