Hemeroteka


Compartir
2021-05-21

Album ilustratuak oinarri dituzten proiektuak

Album ilustratuetan oinarritutako proiektuei buruz mintzatu da Amaia Hennebutte HGL Eskolan ikastaroaren azken-aurreko saioan. Hennebutte Biarritzen jaiotako sortzailea da, urte luzetan irakaskuntzan aritu ostean, Kiribil antzerki-konpainia sortu zuen non antzerkia eta kontaketa uztartzen dituzten. Idazlea eta ilustratzailea da. Amaia Hennebutte Galtzagorri Elkarteko lehendakaria da.

Ikasgelan mahaien lerroak hautsi eta zirkulua osatu zuen irakasleak, ondoren ikasle bakoitzari bere burua aurkezteko eskaera egin zion eta, bide batez, album ilustratu bana aurkeztu zuten –aldez aurretik gustuko album bat eramateko eskatu zien–. Ikasleak ikasgela erdian jarri ziren aurkezpena egiteko. Erronda amaituta, Hennebuttek album ilustratuak publiko orori zuzendutakoak direla esan zuen, haurrentzat sortutakoak izanda ere, albumek ez dute adinik. Albumekin «irudimen-mundu batean sartzen gara». Album bat kontatzen hasi eta entzuleekin batera bidaia berean joateko aukera dira, halako magia bat egin ahal dute. Edozein proiektu sortu daiteke, gainera, ilustrazioa eta hitza uztartzen dituzten obra hauetatik hasita: irakurketa, ilustrazioa, antzerkigintza, idazketa... Edozer landu daiteke.

Albumak hautatzerakoan adina kontuan izan behar da ezinbestean. Helburu batetik abiatuta aukeratu daiteke edo album batetik abiatu daiteke lanketa. Hennebuttek Iparraldeko egiteko moduak azaldu zituen, baita dituzten erremintak ere. Ikasleekin sortuta solasaldian Iparraldeko eta Hegoaldeko baliabideak eta lan egiteko moduak alderatu zituzten. Izan ere, irakaslearen ekarpen nabarmenetako bat izan zen ikasleei Bidasoaz beste aldeko errealitatearen berri ematea. Esate baterako, irakurketa jarraikien harira, Iparraldean eskura duten proiektu bankuaren berri eman zien. Irakurketa jarraikien testuinguruan Hennebuttek aipatutako banku-sisteman –Interneten daude– irakasleek albumen bueltan garatutako proiektuak eskuratu eta partekatu ditzakete. 

Zer dira irakurketa jarraikiak? Albumetatik abiatuta lan egiteko metodologia bat da. Album bat aukeratu eta gelako haur bakoitzaren eskuetan album bana jartzen dute. Lehenengo egunean, ireki gabe, kanpotik begiratuko dute eta barruan dagoenaren hipotesiak egingo dituzte, liburuari berari erreparatzen diote datorrena misterioz eta jakin-minez jantzita. Hurrengo saioetan, irakasleak aurrez zatietan banatuko du liburua, zatika irakurtzen dute eta lanketa ezberdinak egiten dituzte fitxa-sistema bat erabilita. 6 urtetik aurrerako haurrekin egiten dituzte irakurketa jarraikiak. Hennebuttek lanketaren adibide zehatzak eman zituen eta osteko emaitzak erakutsi zituen –haurrek berauek irakurketa jarraikien ostean egindako albumak–. Hennebuttek albumekin egin daitezkeen praktiken berri eman zuen. Iparraldean oso zabalduta badago ere, Hegoaldean album ilustratuen inguruko kultura eraikuntzan dago oraindik ere.

Hamaika lanketa egin daitezke albumekin, baina irakasleak «sinesten badugu, sinetsiko dute», esan zuen irakasleen edota bitartekarien jarrera ezinbestekoa dela adierazteko. Hurrengo astean ikastaroaren azken saioa izango da. Amaia Serrano irakasleak komikiaren gaia jorratuko du.