Hemeroteka

2019-08-02

Album ilustratuak eta errezeta liburuak uztartuko dituzte hamaika ilustratzailek MarraziOak tailerraren XI. edizioan

Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin antolatzen dituen MarraziOak topaketek 11. edizioa beteko dute aurten. Astebeteko lantegi intentsibo hau Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak gidatuko dute eta sukalde bueltan, errezeta-liburuen zein liburu-albumen arteko antzekotasunak landuko dituzte.

Aurtengoa irailaren 16tik 20ra egingo da. Ez da, azken urteetan bezala, Donostiako Komikigunean izango. Aldaketak arrazoi zehatza du; hain zuzen, tailerrak ezinbestekoa izango du oraingoan sukaldea. Hala, Igeldon izango da, Undermount elkartean. Eta ordutegia ere, aldatuta dator sukalde prestaketetan ibiliko direnez, ordutegi jarraitua hobeto egokituko baitzaie (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 17:30era).

Esan bezala, Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izango dira gidariak. Errezeta-liburuen eta liburu-albumen arteko antzekotasunak jorratuko dituzte. Hitza eta ilustrazioa, egitura, sekuentziak, tradizioaren ekarria... Odriozolak eta Puertak honakoa diote: “Finean, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra proposatzen dugu, non errezeta baten narrazioa egingo dugun eta sukaldean liburu bat gertatuko dugun”.

Bost egunetan zehar egingo dute lan honako ilustratzaileek: Amaia Hennebutte, Asier Iturralde, Begoña Durruty, Leire Kareaga, Maite Marquez, Patricia Nagashiro, Usue Egia, Koldo Balenciaga, Ana Ibañez, Noelia Sierra eta Iban Iluna. 10 ilustratzaileentzako lekua izan arren, 11 izango dira azkenean parte hartzaileak, irakasleek horrela erabakita. Goizeko jarduerak sukalde bueltan egingo dituzte eta arratsaldekoak, aldiz, ilustrazioa izango dute ardatz.