Hemeroteka

2021-12-13

Album ilustratuak dira Gonagorriren laugarren piezaren ardatza

Buru-belarri sartuta gaude gure soinu-abenturan, gero eta gehiago gozatzen, gero eta etekin gehiago ateratzen hitz, soinu eta ahotsen ezkontzari. Gonagorri podcastaren laugarren pieza zintzilikatu dugu jada gure webgunean eta ivoox, Spotify eta Baleafunk-en ere entzungai duzu. Album ilustratuen zale amorratuak gara eta haiei eskaini diegu laugarren podcasta. Karla Fernández de Gamboa Vázquez da gure solaskidea, EHUko irakaslea eta ikertzailea da, album zalea da bera ere, eta zaletasun horri jarraiki ertz guztietatik begiratu ditu; babes-orriak, tamaina, papera, ilustrazioak, narrazioa, tipografia... 

Podcastean kontatzen digun guztia ez dizugu hemen aletuko, merezi du-eta entzutea. Galdera batzuk utziko dizkizugu halere, ea amu onak diren: norentzat dira album ilustratuak? Zein dira beren ezaugarriak? Horren hitz gutxirekin zergatik dute horrenbeste kontatzeko gaitasuna? Ilustrazioek kontatzen dute? Eta nola ezkontzen dira hitzak eta irudiak? Irakurketa bat baino gehiago izan ditzakete? Benetan adin guztientzat izan daitezkeela?

Goiko bi paragrafoak Gonagorriren laugarren ale honen mamiari buruzkoak dira, horrez gain, Amaia Hennebuttek iaz ezinezkoa egin du –zirkuan erabiltzen duen tonuaz irakurtzeko hitzak dira–, bai, iaz ezinezkoa egin du eta kontakizun bat egin du ahotsez, irudiak irakurriz baita ere. Lore Agirrezabalenak dira, bestalde, gomendioak.