Hemeroteka

2020-09-21

Abiatu da Irakurketa Mintegia

Ikasturte berriarekin Irakurketa Mintegiko kideak hasi dira lanean. Hilean behin elkartuko dira, larunbatez, Tabakalerako laugarren solairuan. Hori da, hain zuzen, aurtengo jardunaren berritasunetako bat: bilera-tokia. Izan ere, Kutxa Fundazioari esker, Tabakaleran elkartuko dira irakurleak ikasturte guztian zehar. Beste berritasuna koordinatzaileekin dator. Imanol Mercero literatura-kritikariak jarraituko du Mintegien lema gidatzen eta berekin batera Larraitz Idarreta hasi da, bibliotekaria bera. 

Bestelakoan, ekainera arte 2020an 0-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta argitaratu den euskarazko haur-liburu guztiak irakurri eta aztertuko dituzte. Mintegiaren helburuak honakoak dira: 

  • Bitartekariei formazioa eskaintzea haur-literaturan eta irakurketarako dinamizazioan.
  • Liburuen balorazio-irizpideak eta aurkezpen-fitxak landu.
  • 2020an 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko liburuak irakurri eta aurkezpen-fitxa bana idatzi Galtzagorri Elkartean webgunerako (Behinola aldizkarian ere argitaratzen ditugu). 
  • Galtzagorriren hainbat proiekturako liburu-zerrendak elikatzea.
  • Urtero bezala, haurrentzat euskaraz argitaratutakoaren kalitatea neurtzea eta estatistikak egitea. 

Irakurketa Mintegiko ikasturteak urtero-urtero formazio-saio trinko bat barne hartzen du eta aurtengoan Karla Fernández de Gamboa EHUko irakasle eta ikerlariak Album Ilustratuen baso sorginduan barrena eramango gaitu. Saioa azaroaren 28an, larunbata, izango da, goizez, Donostiako San Telmo Museoan, eta saio irekia izango da, beraz, adi egon urri bueltan deialdia egingo baitugu!