Hemeroteka


Compartir
2012-10-11

Abian da Galtzagorriren Irakurketa Mintegia

Galtzagorri Elkarteak 2005ean abian jarri zuen Irakurketa Mintegiak martxan dirau eta ikasturte berriko lehen saioa egin da dagoeneko; irailaren 22an izan zen, ohi bezala, Donostiako Haur Liburutegian.

Lehen ikasturtetik hona hainbat aldaketa izan ditu mintegi honek, eta urtez urte Galtzagorri Elkarteko bazkideen nahi, jakin-min eta beharretara egokitzen joan da.

Literatura Mintegia egitasmo estrategikoa da Galtzagorrirentzat. Izan ere, bertan egindako irakurketa eta liburuen hautaketatik elikatzen baitira gero Galtzagorriko hainbat egitasmo.

Duen garrantziaren jakitun, egitasmo hau indartzen saiatu da Galtzagorri azken urteetan. Horretarako, Itziar Zubizarretaz gain, 2009-2010. ikasturtean Mikel Ayerbe literatura kritikaria aritu zen koordinatzaile lanetan. 2011-2012 ikasturtean hiru gidari izan zituen Mintegiak: Itziar Zubizarreta bera, Jone Arroitajauregi bibliotekaria eta Imanol Mercero literatura kritikari eta dinamizatzailea. 2012-2013 ikasturtean, berriz, Ane Lapizondo eta Imanol Mercero izango dira saioak gidatuko dituztenak eta hiru formazio saio eskainiko dira. Saioak Donostiako Haur Liburutegian burutzen dira. Guztia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Urtero bezala, Literatura Mintegiak hamar saio izango ditu guztira 2012-2013. ikasturtean. 2012ko irailaren 22an egin zen lehenengo saioa. Ondorengoak: urriaren 20an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean, 2013ko urtarrilaren 26an, otsailaren 23an, martxoaren 23an, apirilaren 27an, maiatzaren 25ean eta eikanaren 15ean egingo dira. Hiru orduko saioak dira goizez, eta bertan, 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzat euskaraz argitaratutako guztia irakurtzeaz gain, liburuen balorazio irizpideetan eta aurkezpenetan formatzen dira partaideak.