Hemeroteka


Compartir
2015-07-31

Abian da "Galtza-motzetan irakurri" ekimena Frantzia osoan

Lire en short (Galtza-motzetan irakurri). Lelo horrekin sortu da Frantzian gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko ekimen berria. Frantziako Haur eta Gazte Liburuaren Saloiak, Centre National du Livre erakudenak eta Frantziako Kultura eta Komunikazio ministerioak antolatu dute ekimena eta beste hainbat enpresa eta erakundek babestu dute. Helburua: Frantzia osoan haur eta gazte liburuaren jaialdi erraldoia antolatzea, uztailaren 17tik 31ra.

Jaialdi horren barruan milaka jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako: tailerrak, hitzaldiak, solasaldiak, siesta literarioak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, erronka grafikoak, irakurketa ozenak, liburuak hondartzan, hormarik gabeko liburutegi eta liburu-dendak, ikuskizunak, jolasak, literatur-lehiaketak, argazki-lehiaketak… Hori guztia irakurzaletasuna sustatzeko.

Booktuber gazteak ekimenaren alde

Lire en short ekimenarekin bat egin dute Frantziako booktuber gazteek ere. Hamaika booktuber elkartu dira haur eta gazte literaturaz hitz egiteko eta gazteak liburuak irakurtzera animatzeko. Blogen bidez, youtubeko kanalen bidez edota sare sozialen bidez egingo dute hori.

Egitarau zabala osatu dute:

- bideo bidezko liburu-aurkezpenak, irakurrialdiak…

- Elkarrizketak: idazleei, ilustratzaileei, editoreei, liburu-saltzaileei, irakurleei…

- #BBenshort traolaren bidez sare sozialetako elkarrizketetan parte hartzea.