Hemeroteka


Compartir
2015-01-30

Abian da 7. Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa

Dagoneko martxan da 7. Elkar Ilustrazui eta Ipuin Lehiaketa, haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin antolatzen den lehiaketa. Bi modutara har daiteke parte bertan (oinarriak): ipuina ilustratuz edota ilustrazioa ipuin bilakatuz. Aurtengo ipuina, Sendagaia, J.M. Olaizola "Txiliku" idazlearena da. Ilustrazioa, berriz, Joseba Beramendi "Exprai"k egindakoa. Lanak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaituko da.

Haurrek, eskolako ikasturtearen arabera, hiru maila hauetan parte hartzeko aukera edukiko dute:

- A maila: HH4-5

- B maila: LH1-2

- C maila: LH3-4

Maila eta modalitate bakoitzeko sariak daude bi lanik onenentzat. Horrez gain, epaimahaiari gehien gustatu zaizkion 30 ilustrazioak Irrien Lagunak-en webgunean (www.irrienlagunak.com) eskegiko dira maiatzaren 11an. Marrazki bakoitzaren azpian, haurraren izena eta herria jarriko dira. Boto gehien jasotzen dituen lanak Irrien Lagunak Klubak emandako saria jasoko du. Bozkatzeko aukera maiatzaren 20 arte izango da.