Hemeroteka


Compartir
2011-11-30

60 bat ikastetxek hartuko dute parte Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoetan

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien babesarekin, eskaintzen duen Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoak martxan dira dagoeneko. Ekimen hauek Gipuzkoako eta Bizkaiko herri txikietako eskoletara bideratzen dira. Izan ere, eskola hauek baliabide gutxi izaten baitituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizazioari dagokienez. Liburu mailegu zerbitzu mugikor honekin premia horri erantzuten dio Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Halaber, zerbitzu hau baliatzen du irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita.

Eskola liburutegien aholkularitza zerbitzu ibiltaria

Liburutegi mugikorren funtzioa betetzen duten liburuz betetako gurpildun kutxak izan dira egitasmo honen oinarria jaio zenetik. Ekimen honek, ordea, ez du liburutegi huts izateko asmorik. Izan ere, Galtzagorri Elkartearen helburuetako bat da Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzea, baina horrekin batera irakurzaletasuna piztu nahiko luke txiki-txikitatik Gipuzkoako eta Bizkaiko haurren artean ere.

Hori dela eta, egitasmoan parte hartzen duten hainbat ikastetxetan haur kopurua hazi egin dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie. Horregatik, ikastetxe txikiak eta, txikiak izanik ere, ikasle kopuruan asko hazi direnak bi taldetan banatu ditugu. Lehenengoei dagokienez, 52 ikastetxek jasoko dute aurten kutxa ibiltaria. Beste hainbat ikastetxeri aholkularitza zerbitzu oso bat eskainiko zaie ikastetxean irakurzaletasuna pizten laguntzen jarraitzeko. Izan ere, azken hauetan ikasle kopurua hazi egin da eta badute nola halako liburutegi bat, baina, askori, berau dinamizatzeko errekurtsoak falta zaizkie. Hortaz, aholkularitza zerbitzu ibiltaria hazi egin diren baina oraindik ere txiki izaten jarraitzen duten eskola horietako irakasleei dago bideratuta. Bisita horretara, dinamizatzaileak esku-gurdi batean zenbait liburu eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

Aholkularitza jardunaldiak Villabonan eta Durangon

Eskola Liburutegien Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria martxan jartzearekin batera, Galtzagorri Elkartea Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeentzako formazio jardunaldi batzuk antolatzen hasi zen. Aurten laugarren edizioa izango duten jardunaldi hauetan 15 irakasle baino gehiagok parte hartzen dute urtero.

 Jardunaldi hauetara kutxa ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetako nahiz Aholkularitza Ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetako irakasleak gonbidatzen ditu Galtzagorrik. Bertan, batez ere bi alorretan sakondu nahi du elkarteak: bibliografia eta liburuen ezagupenari dagokiona batetik; eta liburutegiaren dinamizazioari buruzkoa, bestetik.

Aurtengo ikasturtean Mintzola Fundazioaren Villabonako egoitzan eta Durangoko Berritzegunean burutuko dira jardunaldi hauek. Lehenengo saioa azaroaren 15ean izango da Villabonan eta azaroaren 17an Durangon. Bigarrena, berriz, otsailaren 28an Villabonan eta martxoaren 1ean Durangon.

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak: saioak

Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltarietako gurpildun kutxak, berriz, Gipuzkoako 30 eta Bizkaiko 22 eskola txikik jasoko dituzte aurten. Haur eta Gazte Literaturan jantzia den dinamizatzaile baten eskutik helduko dira aste honetatik aurrera herrixka horietako ikastetxeetara, ikasturtea amaitu bitartean. Lehenengo bisitak irailaren azken astean ari dira burutzen. Gipuzkoan Arrateko, Angiozargo, Aginagako, Aiako eta Arroako ikastetxeak izango dira kutxa jasotzen lehenak. Bizkaian, Arteako, Mallabiako, Atxondoko, Otxandioko eta Munitibarko ikastetxeek jasoko dute lehenbizi. Eskola bakoitzak hilabete batez izango du kutxa eta bertako liburuak erabili ahal izango ditu.

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak Galtzagorrik urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoetako liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da.

Ikastetxeetara joaten diren dinamizatzaileek motibazio literarioa sustatzeko hainbat saio eskaintzen dizkiete haurrei. Saio horietan dramatizazioak, ipuin kontaketak, hitz jolasak, poemak oinarri dituzten dinamikak... landuko dira, besteak beste. Beti ere, kutxan eramango diren liburuei lotutakoak izango dira saioak. Modu horretan, liburu horietan arakatzeko teknikak eskainiko dizkie haurrei, beraien parte hartzea ere sustatuz.

Lehenengo dinamizazio saioaren ondoren, kutxak hilabete igaroko du ikastetxe bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin. Urteetako esperientziak erakusten du, gainera, leku bakoitzean erabilera modu ezberdinean antolatzen dela; ikastetxe batzuetan, irakasleek irakurtzen dizkiete eskola orduetan haurrei ipuintxoak; batzuk liburuak oinarri hartuta kantak, olerkiak eta antzerkiak ere prestatzen dituzte; eskola txikienetan erabat irekia egoten da kutxa eta ikasleek erabakitzen dute zer eta noiz irakurri, gogoaren arabera; beste batzuetan egunero finkatzen dute tarte bat kutxatik liburuak hartu eta irakurtzeko; batzuek irakurketak etxean egin eta hurrengo goizean komentatzen dituzte irakurritakoak; besteetan liburuzain lana bete izan dute haur helduenek…

Jarraipen bereziko liburuak

Iaz berrikuntza bat txertatu genien liburu kutxei. Liburu berriz hornitzeaz gain, 10 bat libururi hainbat dinamika lantzeko koaderno bereziak erantsi genizkien, BITAKORA KOADERNOAK deitu genien hauei. Iaz froga gisara abiatu genuen esperientzia honi jarraipena eman nahi diogu aurten.

Horregatik, kutxen barruan 130 bat liburu egongo dira haurrek nahi duten moduan erabiltzeko, eta beste 10 bat liburu inguruk Bitakora Koadernoa (fitxa-koaderno bana) izango dute atxikita, liburu horien inguruko dinamikak lantzeko eta ikasle zein irakasleen iritzi eta balorazioak jasotzeko.

Bitakora koadernoaren" bertsio informatikoa ere zabaldu dugu. Nahi dutenek iritzia koadernoan (paperezkoan) idatzi ostean, Interneten sartu eta bertan beren proposamenak idatzi edo txertatzeko aukera dute. Horretarako, Galtzagorrik blog bat sortu zuen iaz http://liburuenaltxorra.wordpress.com/ helbidean. Bertan ikus daitezke dagoeneko Jarraipen Bereziko Liburu horien fitxak nahiz ikasleek egindako iruzkin eta lanak.

Agendak eta kartelak opari

Urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen ekimen honen baitan Irakurketa Agenda eta kartel berria sortu ditu Galtzagorrik. Urtero ilustratzaile ezberdin bati eskatzen zaio bata zein bestea ilustratzeko.

Aurten Iraia Okina ilustratzaile durangarrak egin ditu hauen marrazkiak. Agenda nahiz kartela egitasmo honetan parte hartzen duten ikastetxeetan opari gisa banatuko dira.

Nolanahi ere, Irakurketa Agenda hau nahiz aurreko urteetan beste hainbat euskal ilustratzailek sortutakoak Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue helbide honetan: www.galtzagorri.eus/euskara/irakurketa-agenda