Hemeroteka


Compartir
2017-11-01

25 ikastetxek eta ia 3.000 gaztek hartuko dute parte ikasturte honetako book trailer lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 6. edizioa. Aurten 25 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, guztira, 2.945 ikasle ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Iaz baino 1.000 gazte gehiagok hartuko du parte lehiaketan beraz. Egitasmo hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz.

 

Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Eta honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2018ko martxoaren 9a) book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago zehatz mehatz azalduta.

 

Ikasturte honetan, iaz bezala, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat dute Liburu Gaztea web gunean ikusgai. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu zuen bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.

 

 

Book trailerrak egiteko tekniken formazioa irakasleentzat

Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioa eskainiko du Galtzagorri Elkarteak ikasturte hasieran. Aurtengoan, book trailerrak egiteko teknika desberdinak azalduko dizkiegu irakasleei. Horretarako, Dejabu panpin laborategiko kideek hiru ordu eta erdiko

 ikastaro praktikoa eskainiko diete, nonikasleekin book trailerrak burutzeko erabili ditzaketen teknika ezberdinak aurkeztuko dizkieten, hala nola, antzerkia, stop motion edota marrazkiak zein irudiak erabiliz.

 

Sariak

Lehiaketaren seigarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

 

- IKASTETXEKA:

 

DBH1- DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

 

- NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

- PUBLIKOAREN SARIA:

. Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

.Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

- BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

 

 

Gainera, 2017-2018 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute. Hain zuzen ere, aurtengo spot-a iazko edizioan sari hori irabazi zuen Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko ikasleek burutu zuten.

 

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean daude. 2016an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

 

DBH 1 eta 2 (12-14 urte):

-Jon eta Mirka. Gregorio Muro. Ilustratzailea: Daniel Redondo. Itzultzailea: Arkaitz Almortza. Harriet Ediciones, 2016

-Ina, nire ama afrikarra. Gilles Riviere. Ilustratzailea: Paxkal Bourgoin. Elkar, 2016

 

DBH 3 eta 4 (14-16 urte):

-Ez da konprenitzen ahal gerra! Begoña Durruty. Denonartean, 2016

-Tximeletaren oihua. Jordi Sierra i Fabra. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2016

 

Hortaz, DBHko ziklo bakoitzerako iaz argitaratutako bina liburu proposatu zaizkie ikastetxeei irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

 

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!