Hemeroteka


Compartir
2012-10-18

207 hautagai izendatu dituzte 2013ko Astrid Lindgren Sarirako

Mundu mailan ospe handiena duen Astrid Lindgren Haur eta Gazte Literatura sarirako 207 hautagai aurkeztu dituzte 67herrialdek. Sari honen bidez, Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenez Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik: bizirik dauden idazleak, ilustratzaileak, kontalariak eta irakurketa sustatzen lan egin egiten duten erakundeak.

Iaz 66 herrrialdetako 184 hautagai izendatu zituzten, aurten berriz, 67 herrialdetako 207 hautagaik osatzen dute zerrenda. Horien artean da Elena Odriozola ilustratzailea, 2009ko Euskadi Saria eta Galtzagorri Elkarteko bazkidea bera. Izan ere, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundeak proposatu du Odriozolaren hautagaitza 2013ko Astrid Lindgren Memorial Award sarirako. Baita Municipi Lector erakundearena ere. Horiez gain Arnal Ballester ilustratzaile kataluniarra eta Agustin Fernandez Paz idazle galiziarra ere hautagaien artean dira aurten.

2013rako hautagaien artean %37 idazleak dira, %25 ilustratzaileak, %14 irakurketa sustatzen diharduten erakundeak, %13 idazle-ilustratzaileak, %5 irakurketa sustatzeko lanean diharduten norbanakoak, eta %1 kontalariak. 207 hautagaien artean %5 kategoria batean baino gehiagotan izendatu dituzte. Bakarka izendatutako 177 hautagaietatik 93 gizonezkoak dira eta 84 emakumezkoak.

Sarituen izenak 2013ko martxoaren 26an jakinaraziko dituzte. Zerrenda ondoko web gunean dago ikusgai: http://www.alma.se/en/Nominations/Candidates/2013/