Hemeroteka


Compartir
2009-04-15

2009ko Idazle Gaztea kiniela martxan da

Guztira, aurten 88 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdintatik: 29 lan aurkeztu dira Narrazioa A kategorian eta beste 30 Narrazioa B kategorian. Poesia A kategorian berriz 18, eta 11 lan Poesia B kategorian. Lanak jaso ondoren, Galtzagorri Elkarteko hautaketa batzorde batek gazteek idatzitakoa irakurri eta aukeraketa egin du. Ondoren Interneteko www.idazlegaztea.org helbidean zintzilikatu dira kategoria bakoitzetik aukeratutako lan onenak.

 

Epaimahaiak lan onenen artean, hiru irabazleak ere hautatu ditu aurten sail bakoitzean. Baina ikasleek idazlegaztea.org helbidean sartu eta kiniela bat bete dezakete, lanak irakurri ostean. Euren ustez, kategoria bakoitzeko irabazleak zein diren ipini, eta asmatzen dutenen artean, 3 liburu-lote zozketatuko ditu Galtzagorrik.

 

Orrialde horretara sartu, lanak irakurri eta edozeinek bozka eman dezake bertan maiatzaren 15a bitarte. Baina, pertsona bakoitzak kiniela bakarra emateko eskubidea izango du.

 

Gero eta gehiago dira lehiaketa honetan parte hartzen dutenak. Iaz 85 lan aurkeztu ziren, aurten 88. Poesia B kategoria izan da, gainera, gorakada gehien izan duen atala. Guztira, Gipuzkoako 9 ikastetxek parte hartu dute. Eta bozken aldetik, 2007-2008. ikasturtean adibidez, 1.621 lagunek bozkatu zuten.
 


Sariak eta irabazleak


Lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri banatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak. Irabazleek, esaterako, Galtzagorrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen LIBURU GAZTEA sariketako irabazleekin batera bidaia bat egin ahal izango dute ekainean. Iaz, Zaragozako Expoan eta Katalunian izan ziren, adibidez, kategoria bakoitzeko lehenengo saria jaso zuten gazteak.


Gaiak bultzatuta

 

Idazle gazteak idaztera animatzeko eta euren narrazio zein poesia lanetan gai berriak aztertzera bultzatzeko asmoz, ikasturte honetan, zenbait gai proposatu zitzaizkien idazle gazteei. Aurreko urteetan Liburu Gaztea Sarian lehiatutako liburuetatik ateratako pasarteetan oinarritutako ideiak izan dira beraz, 2009ko Idazle Gazteako idazlanetan landu direnak.

 

Hauexek dira proposatu zaizkienak: 


1-“Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi nituzke hemen, niri, bederen, sinestezinak eta harrigarriak iruditzen baitzaizkit”. (Galtzerdi Suizida. Mariasun Landa. Elkar)

 

2-“Bihurgunez beterik daukat garuna eta pentsamenduek gida-baimena behar izaten dute bazterrik jo gabe ibiltzeko”. (Gorputz osoko poemak. Juan Kruz Igerabide. Aizkorri)

 

3-“Gaur egun ezinezkoa badirudi ere, ni igogailurik gabeko etxe batean jaio nintzen”. (Atxiki sekretua. Patxi Zubizarreta. Elkar)

 

4-“Joan dira dagoeneko, eta bakarrik nago azkenean. Gau osoa dut nire kontu, eta ez dut unetxo bat bera ere alferrik galtzeko. Ez dut gau osoa lotan emango. Eta ez dut gau osoan ametsetan jardungo ere. Ezin dut, une oro ezin baliotsuagoa izango baita”. (Peaceful soldadua. Michael Morpurgo. Pamiela)

 

Gazteen irakurzaletasuna bultzatu


Esan bezala, IDAZLE GAZTEA Sariak gazteak idaztera bultzatu nahi ditu. Era berean, aipatutako Internet bidezko kiniela-sistemari esker gazteen irakurzaletasuna sustatu nahi dute Galtzagorrik eta Gipuzkoako Aldundiak. (Ikus iazko sari banaketa ekitaldirako prestatu zen bideoa).

Aurtengo saridunen izenak ekainean emango dira ezagutzera, horretarako Donostian egingo den ekitaldi berezian. Ekitaldi berean, LIBURU GAZTEA ekimeneko irabazleen izenak ezagutaraziko dira.