Hemeroteka


Compartir
2010-07-20

2009-2010eko Liburu Gazteak eta 2010eko Idazle Gazteak

Urteetako ohitura izan da  ekainean, ikasturtearen bukaera inguruan, Liburu Gaztea eta Idazle Gaztea sari banaketa ekitaldia egitea. Aurten, ez dugu horrelakorik egingo. Baina Ipupomamua haur eta gazte literaturari eskainitako telebista saioak saio berezia eskainiko die ikasturte honetako irabazleei ekainaren bigarren astean (ekainaren 14an, ziurraski). Bertan ezagutuko ditugu irabazleen iritzi eta esperientziak. Baina irabazleak eurak zeintzuk diren badakigu dagoeneko.

 

Izan ere, maiatzaren 15ean bukatu zen Liburu Gaztea lehiaketan bozketa egiteko epea. Ikasturte honetan, Gipuzkoako DBHko 32 ikastetxek parte hartu dute bozketa honetan. Guztira, 3.399 ikaslek egin dute bozka. Emaitzei dagokionez, hauexek izan dira gailendu diren obra, egile eta itzultzaileak:

 

-DBH1ean Eric-Emmanuel Schmitt-ek idatzi eta Miren Artetxek itzulitako  Oskar eta Andre Arroxa (Elkar);

 

- DBH2an, Jokin de Pedroren Irurac bat (Elkar);

 

-DBH3an, Juan Madrid-ek idatzi eta Koldo Bigurik itzulitako Hegoalderantz ihesi (Giltza);

 

-DBH4an Agatha Christiek idatzi eta Xabier Aristegietak itzulitako Hilketa lokartua (Igela).

 

Kategoria bakoitzean hiru izenburu zituzten hautatzeko, eta hauetako banak jasotzen du Liburu Gaztea izendapena.

 Bozkatu duten ikastetxeen artean, zozketa bat egin da. Honen ondorioz, Zurriola Ikastetxeko ikasgela bat joango da ekainean Balentziara 5 egunetako bidaian. Mutriku BHIkoek eta Manuel de Larramendi ikastetxekoek berriz, 360 euroko bono bana irabazi dute. Bono horrekin liburuak eta diskoak erosi ahal izango dituzten nahi duten liburu-dendan.

 

 

2010eko Idazle Gaztea

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak 2002. urtetik antolatzen duten Sariketa literario honek 12-16 urte bitarteko gazteak idazten jartzea du helburu.Guztira, aurten 59 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdinetatik: horietatik, 19 Narrazioa A kategorian, 19 Narrazioa B Kategorian, 9 Poesia A Kategorian eta 12 Poesia B Kategorian.

 

Iaz bezala, aurten ere Haur eta Gazte Literaturan adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu sail bakoitzeko 10 lan onenak, eta baita bakoitzeko 3 irabazleak ere.

 

Ikasleek kiniela bat egin dute ondoren Internetez, eta asmatu dutenen artean, 3 liburu-lote zozketatu dira. Maiatzaren 15a arte izan dute ikasleek astia 2010eko IDAZLE GAZTEAko kiniela egin ahal izateko. Hautatuko lanak oraindik ere sarean aurkituko dituzue www.idazlegaztea.org helbidean.

 

 

Hauexek dira 2010eko Idazle Gazte irabazleak:

- Narrazioa A Kategorian: 1go saria  Elizalde BHIko Isabel Arbidek, 2. saria Aranzadi Ikastolako Nerea Mugikak eta 3. saria Aranzadi Ikastolako Irati Sanzek irabazi dute.

- Narrazioa B kategorian: 1go saria Haurtzaro Ikastolako Irati Huitzik irabazi du. Bigarrena, Pasaia Lezo Lizeoko Maialen Ezeizak eta hirugarrena, Haurtzaro Ikastolako Uxue del Riok.  

- Poesia A kategorian: Joxe Mari Iparragirre Institutuko Maialen Akizu gailendu da, ondoren, La Salle Berrozpeko Miren Dominguezek irabazi du bigarren saria eta hirugarren saria ere La Salle Berrozpeko ikasle den Carlos Rubiok jasoko du.

- Poesia B Kategorian azkenik: La Salle Berrozpeko Maialen Aranok irabazi du lehenengo saria; bigarrena Haurtzaro Ikastolako Irati Huitzik (Narrazioa Bn ere lehenengo saria irabazi duena) eta hirugarrena Cristobal Gamon Ikastetxeko Danniela Perdomok irabazi du.  

 

Zein dira datorren urteko Liburu Gazteako hautagaiak?

2009an 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat euskaraz eta lehenengo aldiz argitaratutako liburu guztiak irakurri ondoren, Galtzagorriko aditu talde batek prest ditu datorren ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketarako hautagaiak. Hauexek dira Liburu Gaztean datorren urtean parte hartzen duten ikasleek irakurriko dituzten lanak, DBHko mailaz maila :

  

 - DBH-1erako:

Nire amak ez dauka erremediorik. Antxine Mendizabal. Elkar

Hiru puntuko marran. Pascual Alapont. Itzul: Jose Antonio Sarasola. Ibaizabal

Neure neure esklaboa. Dolf Verroen. Itzul: Joseba Sarrionandia. Elkar

 

 - DBH 2rako:

Molly Moon-ek Mundua geldiarazten du. Georgia Byng. Itzul: Jesus Mari Lasa. Erein

Ezekiel. Jasone Osoro. Elkar

Wendyk hegan ikasi zuen gaua. Andreu Martin. Itzul: Miren Artetxe. Elkar 

 

- DBH-3rako:

Antso Lizarra. Juan Kruz Igerabide. Aizkorri.

Ate atzeko zuloa. Josep Sampere. Itzul: Antton Olano. Erein

Gaur ez dut inor hilko. Randa Ghazy. Itzul: Aitor Arana. Ibaizabal

 

- DBH-4rako:

Piknika izotzetan. Andrei Kurkov. Itzul: Olga Mtz. de Marigorta Izaga. Alberdania

Gose jokoak. Suzanne Collins. Itzul: Koro Navarro. Alberdania

Marizipriztinek ez du galeperrik nahi. Nunila Lopez- Miriam Cameros. Itzul: Itziar de Blas- Mikel Garmendia. Txalaparta