Hemeroteka


Compartir
2009-01-15

2008ko Lazarillo Sarien irabazleak

Azaroaren 21ean bildu zen epaimahaia Madrilen, OEPLIren egoitzan. Goizez bildu zen Album ilustratuaren kategoria epaitzeko betebeharra zuen epaimahaia. Arratsaldez, berriz, Sormen literarioko alorrera aurkeztu ziren lanen artean erabakitzeko ardura zuena. Guztira, 37 proiektu aurkeztu ziren Album ilustratuaren kategorira; eta 79 Sormen literarioan lehiatu ziren. Azken honetan, 48 ziren narrazioak, 26 poesiak eta 5 antzerki lanak. 58 aurkeztu ziren gaztelaniaz, 13 katalanez, 5 gailegoz eta 3 euskaraz.

Album ilustratu irabazlea

Itziar Zubizarreta OEPLIko lehendakariaren gidaritzapean, Teresa Duró, Pablo Jurado, Oscar Villan eta Jon Zabaleta aritu ziren epaimahai lanetan Album ilustratuaren Lazarillo Sariko irabazlea aukeratzeko. Idazkari lanetan berriz, Ana Cendán aritu zen. Lan aukeratua azkenean "El príncipe de los enredos" izenekoa izan zen. Lan honek bele bat du protagonista zeina nahi duena lortzeko edozein trikimailu eta gezur erabiltzeko gai den.

Lan honen ilustratzailea Roger Olmos bartzelonarra da. 2000. urtean argitaratu zuen Olmosek bere lehen album ilustratua Kalandraka argitaletxeraren pean. Hain zuzen "Tío Lobo" izenekoa, euskaraz, "Osaba Otso" bezala ezagutzen dugun lana. Ordutik makina bat lan plazaratu ditu. Azkenak, "Queen Victoria" (Lytton Strachey) Lumen argitaletxearekin; "La Llegenda de Sant Jordi" (Josep Francesc Roure de Can Rocaren moldapena) Edicions Baula argitaletxearekin; eta "Sherlock Holmes y la joya azul" (Rosa Moyaren moldapena) Random House Mondadori argitaletxearekin.

"El príncipe de los enredos" lanaren idazlea berriz, Roberto Aliaga da. Ciudad Realen jaioa, biologoa da lanbidez eta Alikanten bizi da egun. Hainbat lan ditu argitaratuak, zeintzuk hainbat hizkuntzetara itzuliak izan diren. Lehen lana 2005ean argitaratu zuen Brosquil argitaletxearekin, "La oficina de objetos perdidos y encontrados" izenburuarekin. Eta aurten, 2008an, 6 lan argitaratu ditu, honakoak:
* “La tortuga que quería dormir” OQO, 2.008
 * “El cangrejo ermitaño” Combel, 2.008
 * “Poemitas de maíz” CEDMA, 2008
 * “Un reloj con plumas” Macmillan, 2.008
* “Pingoreta y el tiempo” Macmillan, 2.008
 * “La muñeca y la castañera” OQO, 2008


Diógenes

Laia Ventura, Gloria Fernandez, Maria Teresa Leis eta Mikel Ayerbek osatu zuten, Itziar Zubizarretaren gidaritzapean Sormen literarioko Lazarillo Sarien epaimahaia. Pablo Albok idatzitako "Diógenes" lana izan zen azkenean irabazlea. Diógenesek bere familiaz hitz egiten digu: aiton-amonek egun euritsuetan ezagutu zuten elkar putzuak biltzen ari zirela; ahizpa zaharrenak ezertarako balio ez duten gauzak pilatzen ditu; anaia gazteak zenbatu daitekeen edozer; gurasoek, anaia gazteak zenbatu dezakeen edozer; osaba postariak amodiozko gutunak; Diógenesek edozer: duna bat, eukalipto baso bat, zazpi kanpaia...

Pablo Albo Alikanten jaio zen. Gizarte Langilea da ikasketaz, baina ez du inoiz horretan lan egin. Ipuin kontalaria da. Ipuinak kontatzenari modu profesionalean 1994an ekin zion eta hortik gutxira idazteari. Bere lanak hainbat hizkuntzetara itzuliak daude.

Argitaratutako lanen artean, hauexek ditu, besteak beste:

* “El espantapájaros” Il: Pablo Auladell. La Galera, 2004.
* “Caracol”.Il: Pablo Auladell. Edebé, 2005.
* Un gato en el árbol”. Il: Géraldine Alibeu. Oqo, 2008.

Haur eta Gazte Literaturako Sari Zaharrena

 Lazarillo Sariak 1958. urtean sortu zituen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero. Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko produkzioa bultzatzeaz gain, haurrentzako album ilustratuen produkzioa sustatzea ere bada.