Hemeroteka


Compartir
2008-05-08

2008ko Andersen Sarietako irabazleak

Gizatasuna eta unibertsaltasuna dira Jürg Schubiger autorearen lanaren ezaugarri nagusienak. Bere ipuin filosofiko laburrak irakurlea txunditzen duten haurren ikuspuntutik sinesgarriak diren metaforen bidez kontatuta egon ohi dira. Roberto Innocentik berriz intentsitate ikaragarriarekin lantzen ditu literatur genero ezberdinak. Gerra garaietako bere kontakizun historikoek, batez ere holokaustoaren ingurukoek, munduko arazo larriez hausnartzera bultzatzen dituzte gazteak.

Hautagaiak
Schubiger 30 hautagaien artean aukeratua izan da, besteak beste, Mariasun Landa zegoen horien artean. OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) Mariasun Landa idazlea aukeratu zuen iaz IBBYk antolatzen duen 2008ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur Literaturako “Nobel Sari txikiak” bezala ezagunak diren Sari hauek bi urtean behin ematen dira 1956tik.

Eta OEPLIK du Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura: hautagai bat idazle atalean, beste bat ilustratzaile alorrean. Orduko hartan, GALTZAGORRI Elkarteak aurkeztutako euskal hautagaia –Mariasun Landa– izan zelarik aukeratua. Dakizuenez OEPLIk Estatuan lau atal ditu federatuta. Horietako bat GALTZAGORRI Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea da. OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek beraien hautagaiak aurkeztu zituzten Sarirako. Idazleen alorrean hauexek ziren hautagaiak: Peter Härtling (Alemania), Beatriz María Ana Ferro (Argentina), Jackie French (Australia), Lene Mayer-Skumanz (Austria), Anne Provoost (Belgika), Qin Wenjun (Txina), Kika Pulcheriou (Txipre), Bjarne Reuter (Danimarka), Fatima El Maadoul (Egipto), Ján Navrátil (Eslovakia), Mariasun Landa (Espainia), Lloyd Alexander (AEB), Irmelin Sandman Lilius (Finlandia), Marie Desplechin (Frantzia), Voula Mastori (Grezia), Kate Thompson (Irlanda), Gudrun Helgadottir (Islandia), Mino Milani (Italia), Shuntaro Tanikawa (Japonia), Iva Procházková (Txekiar Errepublika), Iuliu Ratiu (Rumania), Dragana Litricin-Dunic (Serbia), Beverley Naidoo (Hegoafrika), Barbro Lindgren (Suedia) eta Ayla Çinaroglu (Turkia).

Ilustratzaileei dagokionez, 30en artean izan zen aukeratua Innocenti. Hauexek ziren hautagaiak: Jutta Bauer (Alemania), Tan (Australia), Linda Wolfsgruber (Austria), Kitty Crowther (Belgika), Rui de Oliveira (Brasil), Pierre Pratt (Kanada), Lilian Brøgger (Danimarka), Olga Bajusová (Eslovakia), Lila Prap (Eslovenia), Ulises Wensell (Espainia), Virpi Talvitie (Finlandia), Claude Ponti (Frantzia), Jan Pienkowski (Britainia Handia), Vassilis Papatsarouchas (Grezia), The Tjong-Khing (Holanda), Marie-Louise Fitzpatrick (Irlanda), Akiko Hayashi (Japonia), Kestutis Kasparavicius (Lituania), Mauricio Gómez Morín (Mexiko), Stan Done (Rumania), Nickolay Popov (Errusia), Piet Grobler (Hegoafrika), Eva Eriksson (Suedia), Hannes Binder (Suitza) eta Nazan Erkmen (Turkia).

Hautagaiak aurkeztu ondoren, Haur eta Gazte Literaturako hamar adituk osatutako nazioarteko epai-mahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratu berri ditu. Honako adituek hartu dute parte epaimahaian: Nataliya Avgustinovich (Errusia), Isabelle Nières Chevrel (Frantzia), María Jesús Gil Iglesias (Espainia), Nadia El Kholy (Egipto), Annemie Leysen (Belgika), Bill Nagelkerke (Zeelanda Berria), Alicia Susana Salvi (Argentina), Francine Sarrasin (Kanada), Helene Schär (Suitza) eta Junko Yokota (AEB).

Nobel Sari txikiak
 Andersen Sariak beraien obra osoarekin Haur eta Gazte Literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei beren lanaren errekonozimendua eskaini nahi die. Ibilbide oso bat saritzen du beraz. Orain artean, OEPLIk hautagai bezala aurkeztu zuen idazle euskaldun bakarra Bernardo Atxaga zen, 2000. urtean, hain zuzen. Ilustrazio atalean berriz, Asun Balzola aurkeztu zen hautagai moduan bi aldiz, 1988 eta 1992an. Hauetako inork ez zuen lortu ordea, Hans Christian Andersen saria eskuratzerik. Tamalez, Mariasun Lanak ere ezin izan du saria lortu.

 Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den sari garrantzitsuenetakoa da. Hala, Saria eskuratu duten idazleen artean daude, besteak beste, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra. Espainiako Estatuko hautagai bakarrak lortu du ordea urte guzti hauetan Saria eskuratzea: José María Sanchez Silvak, Marcelino Pan y Vino lanaren egileak hain zuzen, 1968an.


Mariasun Landaren ibilbidea

Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, Haur eta Gazte Literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak, dagoeneko, alor honetan, 30 titulu argitaratu dituelarik. Plazaratutako azken lanen artean daude: Galtzerdi Suizida (2001), Marlene eta taxizapata (2001) eta Haginak eta hilobiak (2005). Kaleratu dituen lanen artean asko Espainiako (katalana, galiziera, gaztelera) nahiz beste herrialdeetako hizkuntzetara (ingelesa, frantsesa, alemana, grekoa, koreera, arabiera, albaniera...) itzuli dira.

Landak jasotako sarien artean, honakook nabarmendu nahi genituzke: Lizardi Saria 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n; Municheko Haur eta Gazte Literaturako Nazioarteko Liburutegiak ematen duen White Raven Saria Elefante Txori-bihotza-rengatik 2001ean; Krokodriloa ohe azpian lanagatik 2003an Tolosako Antonio Maria Labaien Saria eta Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Sari Nazionala eskuratu zituen. Bestalde, Landa bi aldiz egon da IBBYk bi urtean behin berritzen duen Ohorezko Zerrendan: 1992an, Iholdi ipuinarekin; eta 2006an, Krokodriloa Ohe Azpian lanarekin. IBBYko Ohorezko Zerrendak munduan zehar dituen atalak kokatzen diren herrialdeetan berriki argitaratu diren Haur eta Gazte Literaturako liburu esanguratsuenak biltzen ditu.