Urtero euskarazko albumak argitaratzen ari diren editoreak edo liburuaren katea gertutik ezagutzen duten adituak gonbidatzen ditugu Biko-Teka ilustrazio eta narraziogintza tailerrera. Aurten, liburu grafikoen aldeko apustu sendoa egin duten bi argitaletxetako gonbidatuak etorri zaizkigu: A Fin de Cuentos argitaletxeko Teresa Beneitez eta 1545 argitaletxeko Xabier eta Eneko Salaberria. Goiz pasa egin dute Ziudadelako Armen Txokoan, idazle eta ilustratzaile bikoteen jakin-mina asetu nahian.
Irakurleak, egileak, merkatua
Teresa Beneitezek A Fin de Cuentos argitaletxe bilbotarraren portfolioaren errepasoa egin die Biko-Tekan parte hartzen ari diren idazle zein ilustratzaileei. Albumez gain, liburu grafiko ugari ditu argitaratuak, klasifikatzeko zailak direnak batzuk, literatura eta ez fikzioaren arteko hibrido ugari erakutsi ditu, adibidez. Horietako batzuk QRa dute, entzun ahal izateko aukera eskaintzen dutelarik.
Beneitezek lehendabizi urtean 3 liburu argitaratzen zituela aitortu du, hala nahi zuelako; baina merkatuak liburu gehiago argitaratzera behartu zuen: “Liburua ona edo erdipurdikoa den ez du inporta, merkatuak hor egotera behartzen zaitu. Gutxi argitaratzen baduzu, liburu-dendek pista galtzen dizute”.
Beneitezek berak abiatzen ditu argitaratzen dituen liburuetako asko: landu nahi duen istorio bat enkarguz eskatzen du, asko eta askotan; beste batzuetan argitaratua dagoen liburu baten eskubideak erosten ditu euskaraz, gazteleraz, katalanez eta gailegoz argitaratzeko. A Fin de Cuentos argitaletxeko editore bakarra izateaz gain, Beneitez Album, Espainiako Estatuko 21 argitaletxe biltzen dituen elkartearen kide ere bada. Elkarte honek album formatuaren alde lan egiten du horretarako hainbat ekimen antolatuz.
Haurrentzako albumaren munduan egin duen ibilbidea oinarri hartuz, egile berriei aholkuak ere eman dizkie Beneitezek: idazleei, ezinbestean, asko irakurtzeko; ilustratzaileei, argitaletxe batera lanak aurkeztu aurretik, honen portfolioa ikertzeko gomendatu die, zer eta nola argitaratzen duten arakatu dezatela aldez aurretik. Eta batzuei zein besteei, albumetan “dena ez kontatzeko” eskatu die, irakurleari falta dena asmatzeko aukera utz diezaiotela.
Bestalde, liburuen arrakasta edo ez arrakastaz ere mintzatu zaie ikasleei: “Harrigarria da, baina jendeak betiko istorioak nahi ditu” esan du, “Einsteinen edo Fridha Kahloren mila biografia argitaratu diren arren, gehiago nahi dituzte, ez dute pertsonaia berririk nahi”. Arrakastan eragina duen beste faktore bat azala da, ezinbestean. Apalategi batean beste ehunka liburutatik bereizteko azalak eta izenburuak irakurlearen arreta piztu behar du. Zentzu honetan, “funtzionatzen duten izenburuak zuzenak eta deskriptiboak omen dira”.
Herrigintzatik albumetara
1545 argitaletxearen sorrera eta bidea berezia da oso. Argitaletxe bihurtzeko egindako pausoen atzera-begirakoa egin dute Xabi irakasleak eta Eneko Salaberria diseinatzaile grafikoak Biko-Tekako kideen aurrean.
2018an abiatu zen bidea, Enekok martxan zuen Dixidu Diseinu Grafikoko enpresan agenda bat, bertso bilduma bat eta karta jokoa argitaratu zituztenean. Herriarentzat eta herriak eskatutako lanak argitaratu zituzten lehendabizi eta horretarako, ezinbestean, 1545 argitaletxea sortu behar izan zuten. Literaturara saltoa 2021ean eman zuten: Xabi Jakin-Min filosofia elkartean zebilen haur filosofiaren inguruko saioak eskaintzen eta aldi berean haur literatura taldeak gidatzen. Erronka bat jarri zion bere buruari: pentsamenduari buruzko lan bat sortu, euskaraz eta euskaratik. Hortxe elkartu ziren Xabi eta Enekoren bideak, “Hamaika Kutixi filosofiko” argitaratu zutenean.
Liburu-kaxa haren lehenengo 500 aleak agortu ziren. Argitaratu zituzten beste 500ak ere bai. Beraz, hausnarketara eraman zituen bi anaiak: “Gauza interesgarriak badaude, zergatik geratuko dira kaxoian?”. Eta hala, pentsamendua eta sormena hauspotzeko xedez, dabiltza lanean bi anaiak 1545 argitaletxean. Bi eratako liburuak plazaratzen dituzte, genero eta formatu anitzetakoak: beraiek pentsatutakoak -euskaraz sortuak zein itzulpenak-; eta kanpotik iristen zaizkienak. Aurrera begira, helduen sail bat jarri nahi dute abian, ipuin laburrez osatutakoa.
Elkarte eta enpresa
Hutsune batetik abiatutako liburu grafikoak argitaratzen dituzte sarri 1545en, pentsamenduarekin eta filosofiarekin lotutakoak. Zerbaiten pizgarri diren izenburuak dira gainera. Eta argitaratu baino lehen honen funtzioari buruz hausnartzen saiatzen dira: erabiliko al den eskoletan, etxeetan funtzionatuko ote duen…
Hutsune batetik abiatzen diren lanak direnez, izenburu gutxi, mimoz, pixkanaka, tirada txikiarekin, euskaraz, euskal egileekin batez ere eta bertan, hemengo inprentetan, egiten dute eta egin nahi dute lan. Baina sarri ez da erraza, zenbait laguntza eskuratzeko tirada handiak izatea eskatzen delako, adibidez.
Bizirauteko elkarte eta enpresa artean kulunkatzen da 1545. Izan ere, kultur ekintzak sustatzen dituzte argitaratzen dituzten liburuetan oinarritutakoak. Eta egiten dituzten kultur ekintzetatik sortzen dira argitaratzen diren proiektu asko ere. Ez da bide samurra, batzuetan enpresa izatea komeni delako, liburuak argitaratzeko diru-laguntzak eskuratzeko; eta besteetan, elkarte, ekintzak antolatzeko laguntzak jasotzeko.