Zer izan zen

Zer izan zen

BULARRETIK MINTZORA egitasmoa kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio zen 2008an. Euskal Herriko haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago eta bere helburu nagusia da 0-8 urte bitarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea, haien gurasoak eta hezitzaileak bitartekari direlarik.

 

Irakurketa garatzen den inguru naturalean gauzatzen da kanpaina: osasun zentroetan, bibliotekan, etxean, haurreskola eta eskoletan, hain zuzen ere. Egoitza hauetan Galtzagorri Elkarteak ekimen ordenatuen bitartez jorratzen ditu giro irakurle bat sortzeko aukerak.

Irakurketaren ikusmolde zabal bat dugu abiapuntu: testu bat gurea egiteaz ari gara, haren esanahia partekatzeaz; komunikazioaz, hain zuzen ere. Ez dago gure asmoetan, inolaz ere, haurra lehenbailehen irakurtzen hastea; gure proposamenak literatur edukiak dastatuz haiekin gozamena sortzera bideratzen dira. Noizbait haurraren irakurketa ahalmenak garatzen diren neurrian, irakurketa petsonalak egiteko interesa sortuko dugunaren esperantzan.

 

Euskal haur literaturan oinarritzen dira egitasmoak eskaintzen dituen baliabideak; haurrak bere bizitzan modu natural eta atsegin batean barnera ditzan entzun, kontatu eta kantatzeko ohiturak. Irakurketa partekatu horrek haurrari onurak ekartzen dizkio bere garapen integralean, horixe aldarrikatzen dugu hastapenetik. Gure ekimen nagusia izan da aldarrikapen hau egi bihurtzea: haur literaturak haurraren garapenean duen eragina aztertu ondoren, baliabide egokiak eta ordenatuak eskaintzea literatura haurraren bidelagun bihurtzeko, adinez adin.

 

Bularretik Mintzora egitasmoaren antzeko zenbait egitasmo aurkitu genituen hastapenean, gerora ordea, garapen propioa izan du printzipio unibertsal batzuk euskal egoerara egokituz. Urtez urte gauzatu da egokitzapen hori egitasmoaren edukiak sortuz eta ebaluatuz. Erakunde publikoek eskaini diote egitasmoari ezinbesteko sostengua: Eusko Jaurlaritzak eta tokian tokiko Udalek eta Kultur Elkarteek.

 

Lantaldea:

Kudeaketa: Galtzagorri Elkartea
Zuzendaritza eta Koordinazioa: Oihana Etxegibel
Ebaluazioa: Juan karlo Alonso
Edukiak: Itziar Zubizarreta

 

Gure helburuak